XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Ez diat ezer jakin nahi,Jonas! Ez niri horrela begira! Bukatu duk.

Grégoire nigandik bereizten da. Ordu batzuk aski izan dira ni harentzat arrotz bihurtzeko.

Zer esan nahi ote du? Zeharka begiratzen ote diot? Nola begiratzen diot?

Grégoire, gogorrarena egiten zuena, zen baino adintsuagoa zela jakinarazteko denen aurrean eta batez ere bere buruaren aurrean bular-harro ageri zena, zahartu egin da.

Hori guztia orain alferrikako izatea lortu du.

Begi-niniak handitu egin zaizkio betaurrekoen azpian. Ez zait ezaguna egiten.

- Ondo. Ulertu diat.

Hori esaten dut, baina gogo bakarra dut: Grégoire astintzea.

Agian jo eta balda-balda eginik utziko banu, buruan dudan mina gozatuko nuke zerbait.

Masailak ixten ditut, min egiteraino itxi ere, eta ez dut ezer egiten.

Orain, neskaren bizitzako xehetasunik txikienaren bila asteak igaro ostean, hainbeste kontu dakizkidalarik hari buruz, bere burutik kendu nahi du Grégoirek.

Oraindik gogoan dut adiskidearen poza neskak erretzen zuen tabakoaren marka jakindakoan.

Erosi egin zuen. Alferrik aritu ginen pipa hartzeko saioak egiten. Ia ito ginen. Neska, sano-sano, pipa hartzen ikusirik, gerorako ateak zabaltzen zitzaizkiola sinestu zuen.

Horrela joan dira aste honetako egun guztiak.

Aldatu egin da Grégoire: ez bakarrik haren aurpegia, baita ere, haren barre eta keinuak. Orain, gero eta sarriago, eskuak poltsikoetan sartzen ditu, Pradelek bezala.